2013-11-26

Zeruko ateetan deika (Jordi Sierra i Fabra)

Izenburua: ZERUKO ATEETAN DEIKA
Idazlea: Jordi Sierra I Fabra
Itzultzailea: Julia Marin eta Mila Garmendia
Argitaletxea euskaraz: Giltza

Laburpena:

    Silviak 19 urte ditu eta medikuntza ikasten ari da. Bere gurasoak mediku famatuak dira, aberatsei aurpegia operatzen dieten horietakoak. Baina Silvia ez da haiek bezalakoa, neska argia eta polita da, eta boluntario  Indiako ospitale batera joatea erabakitzen du, nahiz eta gurasoak eta mutil-laguna horren aurka egon.
   
Indian gauza gogorrak ikusiko ditu eta bere pentsamenduak goitik behera aldatuko dira. Kultura berri bat ezagutu eta errespetatu beharko du, eta horretarako Elisabet Rocaren eta Giner doktorearen laguntza izango du, guraso bezala hartuko dituenak.

 Hiru mundu desberdinen artean ibiliko da. Bata Arturorena, Espainian zain duen mutilarena; bigarrena Leorena, medikuntzako ikasle gaztearena, ospitalean boluntario dagoenarena; eta azkenik Mahendra indiar gaztearena, maitatzen zituenak galdu zituen printze hinduarena, Silviari bere mundua zabalduko dionarena.

Silviak abentura honetan gauza ugari ikusi eta ikasteko aukera izango du, eta baita besteei laguntzekoa ere. Era honetan, bera nor den eta zer nahi duen jakingo du.

Iritzia:
 
Lehenik eta behin esan dezadan liburua asko gustatu zaidala, nota bat jarri behar izango banio hamarretik bederatzi jarriko nioke; beraz nire lagunei irakurtzea gomendatzen diet.

Alde batetik liburu arina dela esan beharra dago, letra handia du, kapituluak nahiko luzeak dira baina azpikapitulu motz ugari dituzte. Idazleak erabiltzen duen euskara ez da guztiz erraza, momentu batzutan hikaz hitz egiten baitu, baina niri ulergarria egin zait.

Bestaldetik gaia oso polita eta gaurkotasun handikoa iruditu zait: pobrezia, kultura ezberdinak, maitasuna…Beste kultura bat ezagutzeko eta jendea munduko beste leku batean nola bizi den jakiteko aukera ematen duen liburua da. Gainera Silviaren sentimenduak eta pentsamenduak oso era egokian azaltzen dira eta gauzak besteen ikuspegitik begiratzeko aukera ematen du. Pertsonaiei dagokienez, Silvia oso neska atsegina iruditu zait. Ez da beste neska polit batzuk bezalakoa, besteei lagundu nahi die eta oso pertsona ona eta bere buruaz ziur dagoena iruditu zait.

Hau guztia kontuan hartuta berriro ere diot oso liburu polita eta interesgarria iruditu zaidala.




No hay comentarios:

Publicar un comentario