2013-11-06

Ilunpeetako argi ahula (Erik L'Homme)

Izenburua: Ilunpeetako argi ahula
Bilduma: A elkartea
Idazlea: Erik L´Homme
Euskarazko edizioaren koordinatzailea: Eukene Herrera
Argitaletxea: Ibaizabal argitaletxea

Laburpena:

Jasperrek 15 urte ditu eta Parisen bizi da, bere gurasoekin. Beno, egia esan, denbora gehiena bakarrik ematen du, gurasoak kanpoan egoten direlako, baina Sabrina, etxeko langilea, etxeko lanez eta bera zaintzeaz arduratzen da. Hala ere Sabrina ez da Jasperren gelan sartzen, mutilak magia egiteko materialak baitauzka bertan. Lehenago aipatu ez dudan arren, Jasper elkarte sekretu bateko kidea da, gizakien eta izaki Berezien bizikidetzaren alde dagoen elkarte batekoa. Elkartea guztiz sekretua da, beraz, Jasperrek publikoki ezin du inoiz onartu izaki Bereziak, hau da, banpiroak, trolak eta abar edo bera bezalako agenteak existitzen direnik. Jasper altua eta zurbila da eta haren begiak eta ilea ikatza bezain beltzak dira. Magia egiten oso trebea da eta rock talde batean gaita jotzen du, bere lagun Jean-Lu eta Romurekin batera. Azken hauek ez dakite ezer elkarteari buruz, Jasperren institutuko lagunak dira. Mutilari dragoiak, ziegak era hitz joko kaskarrak gustatzen zaizkio, eta noski, Ombe, elkartzeko kide den neska zoragarri bat.
   
Jasper Walterren bulegoan sartu eta honek atzoko misioagatik zoriondu du, Fabio banpiroa bahitzea. Egia esan ez zen batere zaila izan, Fabio drogatuta baitzegoen. Elkartearen ustez trafikatzaile batzuk banpiroei droga saltzen ari dira, beraz, Jasperren hurrengo misioa hori hala den deskubritzea izango da.

Unea iritsitakoan Jasper hitzordura joan zen. Bertan lau azti eta droga saltzaile bat zeuden baina ez zituzten mutilaren galderak erantzun nahi izan eta kotxez alde egin zuten. Protagonistak motor batean jarraitu zituen.  Lantegi batean sartu eta Severino banpiroarekin elkartu ziren. Harentzat egiten zuten besteek droga. Jasper haien arteko elkarrizketa entzuten egon zen izkin batetik, baina besteak mutila bertan zegoela ohartu zirenean hitzen saiatu ziren. Mutila magiaz eginiko pentakulu batean babestu eta deabruak aztien nagusia eta droga saltzailea hil zituen. Gainontzekoek ihes egin zuten. Gero deabrua suzko bolen bidez Jasperren babesa hausten saiatu zen, alfer alferrik. Azkenean, mutilak deabrua bere mundura bidaltzea lortu zuen. Ondoren Severino agertu zen eta Jasperri droga saltzen has zedin eskatu zion. Honek ezezkoa eman eta ondorioz banpiroak kriston jipoia eman zion protagonistari, amorru bizian.  Dena den, Jasperrek, bere jakinduriari esker, banpiroa sorginkeria batekin hiltzea lortu zuen. Dena amaitutakoan, elkartearen larrialdi erantzungailuan mezu bat utzi era etxera itzuli zen.

Hurrengo goizean, elkartekoak harekin haserre zeuden. Bederatzigarren artikuluak dioenez sufre usaina dagoenean misioa utzi behar da eta Jasperrek ez zuen hala egin, araua hautsiz. Beraz bi astez misiorik gabe geratu zen.  Etxera iristerakoan ama bertan topatu zuen. Espero ez zuen bisita zen eta horrek pixka bat animatu zuen.

Iritzia:

    Lehenik eta behin esan dezadan liburua nahiko gustatu zaidala, nota jarri beharko banio hamarretik zazpi jarriko nioke; beraz gauza errazak irakurtzea gustuko duten lagunei gomendatuko nieke.

    Alde batetik esan beharra dago liburu arina dela. Letra handia du, kapituluak nahiko motzak dira eta idazleak erabiltzen duen euskara erraza da. Hori dela eta azkar eta erraz irakurtzen da eta gu baino gazteagoentzako egokiagoa dela deritzot.

     Bestaldetik, gaia nire gustukoa da, fantasiazko liburuak gustatzen baitzaizkit. Hala ere magia idazle bakoitzak modu batean deskribatzen du, eta hau ez da niri gehien gustatu zaidan modua. Istorio hau Parisen gertatzen da, mundu errealean, bertako zer aipatzen ez den arren, baina existitzen ez diren elementuak ere ageri dira: elkartea, banpiroak, deabruak… Pertsonaiei dagokienez esan daiteke protagonista bakarra Jasper dela eta gainontzekoen parte hartzea puntuala eta txikia da. Jasper oso ausarta eta berezia iruditu zait, eta zorte izugarri oneko mutila, jasandako egoeretatik salbu ateratzeagatik. Itxuraz mutil normala da: institutura doa, lagunak ditu… baina aldi berean magiarekin eta izaki Bereziekin harremana dauka, eta hori benetan gogoko dut.

    Hau guztia kontuan hartuta berriro ere diot liburu polita, interesgarria, desberdina eta irakurtzeko erraza iruditu zaidala.


Ilargi Zipitria Sinde     3.B/K

1 comentario:

  1. Idazleak lan ona egin du, izan ere idatzitako esaldiak aberatsak eta sakonak dira eta kontakizunei sinesgarritasuna ematen diete.

    ResponderEliminar